Nabarmena dena eskatuz

Posted: 18th diciembre 2019 by Euskaria in Sin categoría
 Mikel Mundiñano.
Jone Galarza.

(Nafarroako Sareren izenean).

  • Esan genezake zerbaitek huts egiten duela, gizarte honek nabarmena dena eta logikaz, etikaz eta justiziaz jadanik gauzatua beharko zena eskatuz segitzen baitu.Baina XXI. mendeko gure Nafarroa honetan, oraindik, egoera jasanezinak pairatzen jarraitzen dugu.
Haurrei barrea eraginez gozarazten dituzten pailazoak debekaturik, bizi osoa lanean eman duten gure nagusiak pentsio iraingarriekin prekarietatez bizitzera kondenaturik, emakumeak egunero prekarietatearen eta indarkeriaren mehatxupean beldurrez bizitzera kondenaturik, tabernako liskar huts batengatik gazte batzuk 10 urteko kartzela zigorrera kondenaturik.

Laburbilduz, halako egoera batean gaude, non erantzun gabeko eskaerak, bidegabekeriak eta eskubide urraketak gehiegizkoak diren. Baina, aldi berean, dagokiona eta etorkizun hobe bat eskatzeko kalera ateratzeko zalantzarik ez duen jendarte baten aurrean gaude. Eta horrelaxe eginen dugu, berriz ere, abenduaren 21ean Iruñean, gogorarazteko oraindik badaudela justiziak askatasunaz gabetu dituen pertsonak, eta Estatuak salbuespeneko espetxe politika aplikatzen segitzen duela, eta, gainera, oinarrizko eskubideak ukatzen segitzen duela, hala nola, beren etxekoengandik gertu egoteko eskubidea, osasunarena eta bizitzarena, indarreko legeak ahalbidetzen dituen bide normalei heltzekoa, jendartean bizitzera itzultzekoa… eskubide horiek guztiak urratzen segitzen dute oraindik. Baina, era berean, kalera aterako gara adierazteko egoera honek ez diola inori mesedea egiten, gorrotoak eta mendekuak gorroto eta oinaze  gehiago besterik ez dutela ekartzen. Ez al du nahikoa sufritu, jada, gure herriak? Abenduaren 21ean mezu argi bat bidali nahi dugu gizarteak horrenbeste erreklamatzen duen elkarbizitzaren alde, gizarte horren gehiengoa enpatia ariketa bat egiteko prest baitago.

Halako egoera batean gaude, non erantzun gabeko eskaerak, bidegabekeriak eta eskubide urraketak gehiegizkoak diren. Baina, aldi berean, dagokiona eta etorkizun hobe bat eskatzeko kalera ateratzeko zalantzarik ez duen jendarte baten aurrean gaude

Arrazoi politikoak direla-eta gaur egun Nafarroan 37 preso dago. 941 pertsonak osatzen dute, zentsuaren arabera, 37 preso horien ingurune hurbila. Horiek guztiak, bere senide eta lagun presoei bisita egin behar dieten aldi oro, zigorturik daude bidaia bukaezinetan ehunka kilometro egitera eta beharturik “bizia eta ogasuna” arriskuan jartzera, sekula abiatu behar ez zituzten bidaietan, baldin eta legea eta sen ona nagusi izan balira. Errurik ez badute, zergatik familiak zigortu, mendekuagatik eta sufrimendu gehiago eragiteko nahiagatik ez bada. Hauxe da errealitate krudela ETAk azken ekintza armatua egin zueneko hamar urteren buruan eta urte eta erdi geroago desagertu zenetik; are gehiago, bertako nahiz nazioarteko hainbat eta hainbat instantziatatik arazo honi behin betiko irtenbidea emateko eta bake iraunkorra eraikitzeko premiazko beharra azpimarratzen ari denean, eta alde askotariko biktimen foro askok bide horretatik aurrera egiteko beharra eta disposizioa erakutsi dutenean.

Errealitate hau guztiz onartezina da Europa aurreratuenaren ongizate eta garapen maila duen Nafarroa honetan. Ematen du ez dugula ikasi nahi, ez gure iraganetik ez gure inguruan ikusten ditugun errealitateetatik. Gizarte hau heredatu genuena baino etorkizun hobea erreklamatzen ari da, bakean eta elkarbizitzan oinarrituriko etorkizuna heldu diren belaunaldiendako.

Asko gara horrela pentsatzen dugunok, oraingoan aukera ezin hobea ireki dela, eta ez dugula alferrik galdu behar; aukera berri bat, teorikoki irtenbideen aldeko indar korrelazioekin bai Madrilgo Gorteetan bai Nafarroako instituzio nagusietan. Eskarmentuak erakutsi digu irtenbideak ez direla sartzen leihoaren irekitze hutsarekin. Kaletik bultzatu behar zaie indartsu, lekua egiten bukatu dezaten. Horrexegatik da horren garrantzitsua 21ean zu Iruñean egotea, kaletik irtenbideei bultza egiteko, eta oraingoan inork leihoak itxi ez ditzan.

https://www.argia.eus/albistea/nabarmena-dena-eskatuz