Ainize Madariaga

Sustraietaraino murgildu da Duhart: jendeen istorioetatik Uztaritze eta Lapurdiren historia idatzi baitu. Frantziako Iraultzak Lapurdi erroetatik erauzi zuen arte. Badu zuhaitzen zaletasuna Duhartek; bisita daitekeen parkea eraiki du etxean.
2021eko urriak 10 – Uztaritze

Kapito Harriko (Uztaritze, Lapurdi) haritz deigarri baten pean bildu ohi zen Lapurdiko biltzarra Frantziako Iraultzak euskal entitateak zangopilatu zituen arte. Mixel Duhartek (Urville, Nomandia, Frantzia, 1923) Uztaritzeko etxeen historiak ikertzen hasi, eta adarrez adar, hiriko historiaren enborra inguratu zuen: ohartu baita iraultza hura izan zela Uztaritze «gehien markatu» zuen gertakaria. Gauzak nola diren, Duhartek badu haritzekiko berebiziko maitasuna. 

Normandiarekin baino Uztaritzerekin duzu lotura handiagoa, ez?

Familia bertakoa dut, eta gaztaroa ere bertan pasatu nuen. Normandian sortu eta lau urterekin jin ginen. Euskaraz mintzo zitzaizkidan gurasoak eta sehiak. Frantsesez hasten baziren, kexatzen nintzaien, «tirrit» erraten nien! Gurasoek nahi zuten euskara atxiki nezan, baina gero galdu nuen. Baionan egon ginen Alemanen okupaziora arte, aita beldur zenez lanaren zerbitzu behartuak har nazan, 1940tik goiti, Lapurditik Gard eskualderat [Okzitania] mugitu ginen. Lan karrera osoa Parisen egin nuen gero, bankuan. Afrika eta Mexikon ere ibili naiz, emaztea —Leizaola lehendakariaren alaba— eta hiru seme-alabekin batera, lana dela medio.

Pierre Hourmat historialariak definitu zaitu Uztaritze eta bere historiaren «amante» gisa.

Erretretan sartu nintzelarik, Rousseau senar-emazteek egindako liburu ttipi interesgarria atzeman nuen: Itsasun promenatzeko proposamen bat. Hala, Uztaritzeko Herriko Etxeko artxiboetan herio, sortze, ezkontzak aztertu nituen, etxeka sailkatuz. XVIII. bukaeratik errestaurazioraino, Iraultza garaiko hutsunearekin, desegin baitzituzten.

Ikerketa horretatik idatzi zenituen Le viel Ustaritz (Uztaritze zaharra) eta Autrefois Ustaritz (Uztaritze lehen) liburuak. Badea deigarri zaizun historiarik?

1914ko gerla arteko etxeak ditut ikertu. Ikusi nuen bazirela uztariztar zenbait arrunt Iraultzaren kontrakoak, alta, bertze herri batzuetan —Hazparnen adibidez— ez bezala, ez zieten lepoa egin.

Zerk zaitu akuilatu idaztera Uztaritze 1789ko Iraultzaren garaian (Lapurdi 1609 elkartea, 2021. urtean Beñat Castorenek itzulia)?

XVIII. mende bukaera ikertzean, ohartu nintzen Iraultzak gainbehera ekarri zuela; izugarria izan da euskaldunendako, gertakari horrek du Uztaritzeko historia gehien markatu.

Atera, otoi, Iraultza aitzineko Lapurdiren argazkia.

Biltzarrak ziren nagusi, zeinean Lapurdiko 30 bat parrokiaren ordezkaritza biltzen baitzen. Orduan, Nafarroa Beherea eta Zuberoarengandik bereiz zen. Biltzarra oso demokratikoa zen, Frantziako bertze eskualdeen kontrara, hemen libertatearen erregimena zegoen. Demagun, zergek ez zituzten laborariak kolpatzen, herriak berak deliberatzen baitzituen sindiken bidez. Hego Euskal Herriarekin zegoen salerosketek aisetasuna zekarten. Merkantzia mando zainek zekarten, Nafarroatik lepoz lepo Uztaritzeraino, eta gero xalantak bazebiltzan Baionaraino joan-jinka. Lapurdiko justizia jauregia Uztaritzen zenez, jende franko erakartzen zuen; hotel anitz bazen. Ohiturak obeditzen ziren.

Ohiturak diozu; Lapurdiko Foruaz ari zara?

Bai. Monarkia tiranikoa bazen ere, jendeari libertatea uzten zion, forua errespetatzen baitzen eta dena euskaraz egiten baitzen. Iraultzak dena ezabatu zuen, Euskal Herriaren kontrakoa izan zen.

Liburuan diozu Lapurdik ez zuela lur emankorrik.

Bai, gainera etxaldeak ipotxak eta biziki primitiboak ziren.

Lapurdi itsas negoziotik eta esportaziotik zen bizi?

Bai. Eta familia ugariak zirenez eta etxaldeak ttipiak, usu mugaz bertzalderat zihoazen, han eskulana behar baitzuten, Hego Ameriketarat atzerriratzeak jendez hustu baitzituen herriak.

Iraultza aitzineko Lapurdi elebakarra zena?

Euskaraz ari ziren denak. Baionara zihoana disgustatua zen, atzerrian sentitzen baitzen. Izan ere, gaskoiak bizi baitziren bertan, ingelesen menpeko Lapurdi joritasunean zenez, Biarnotik jende anitz Baionaratu zen. Arrantzarako, adibidez, ez zen mugarik. Alta, gaskoiek ez zituzten euskaldunak maite.

Izan da egiazko gerlarik baionar eta euskaldunen artean, adibidez Milafrangako [Lapurdi] zubiko triskantza hura.Puyanne auzapeza euskaldunen arerioa zen, eta ingelesekin adostu zuen Baionako jurisprudentzia marea gelditzen zen tokiraino zihoala, beraz, Milafrangaraino. Bidesaria paratu zuen Milafrangako zubia igarotzeko. Euskaldunek kexu, guardak zubitik jaurtiki zituzten. Mendeku gosez, Milafrangako besta egunez [1343ko agorrilaren 24an], Puyannen soldaduek denak sakailatu zituzten. Are, bortz euskal noble Errobin lotu zituen marea noraino heltzen zen ikus zezaten. Hola ziren hain afruski ito.

Lapurdi eta bere instituzioak hain gibelatuak ote ziren iraultzaileek desagerraraz zitzaten?

Ez ziren zaharkituak. Uste dut edozein instituzio monarkiko susmagarria zela iraultzaileendako. Iraultzak bertako berezitasunak desagerrarazi zituen.

Zein ziren berezitasun horiek ?

Herri zinez erlijiosoa zen hemengoa. Ikusi zituztelarik apezak hiltzen, biztanleak altxatu ziren. Gainera, iraultzaileak Espainiaren kontra jarri ziren gerlan, berehala. Hala, negozioak eten ziren; beraz, Lapurdiko negozio abantaila guziak ere erori ziren. Iraultzak bazuen euskaldunak disgustatzeko dena.

Hegoaldeko jendea Frantziaren alde jarri zen Iraultzaren hastapenean, espainiar monarkiaz aseak baitziren; aldiz, ikusi zutelarik apezak hiltzen zituztela, hor kontra altxatu ziren.

1789ko azaroaren 18ko azken biltzarra Lapurdiren azken izatea izan zena?

Bai, orduz geroztik Lapurdik ez zuen gehiago berezitasunik; bere nortasuna galdu zuen. Paue [Biarno] peko arrondizamenduko parte bilakatu zen. Baiona eta Paue komertzial gune politiko eta ekonomikoak ziren.

Baionarrek Baionan justizia egin nahi izan zuten, baina euskal legediaren ordez frantses edo erromatarrarekin. Adibidez, oinordetza eskubidea deuseztatu nahi zuten, lan merkatua liberalizatu eta laborariei lurrak erosteko. Errepublikak irauli du dena.

Dominique Joseph Garaten biografia idatzia duzu.

Dominique Joseph, bi anaien arteko iraultzaileena eta politikoena zen, alta, ezezagunena da. Dominique hasieran iraultzailea zen, alta, fite erretiratu zen, iraultzak okaztaturik. Uztaritzeko haien etxondoa Mailia zen, baina Garatenea bilakatu zen gero.

Bere sailkapen manikeoa egitea zaila da: iraultzaren aldekoa zen baina aldi berean euskal nazionalista?

Biltzarrak zuen hautatu. Berez departamentuen ebakitzearen alde zen, baina Basses Pyrenées-ren kontra egin zuen, euskaldunak biarnesekin batera egoteari. Bere anaia eta Pierre Nicolas de Haraneder Makeako bizkondearekin batera, hirurak kontra aritu ziren, nahi baitzuten euskal entitate bat hiru probintziak elkarrekin egoteko.

Herrikoia zen?

Hastapenean bai, baina hautesleekin kexatu zen, berak baitzuen irakurri Luis XVI.ren herio sententzia, erregeak baitzuen prestigioa Euskal Herrian. Ez zioten barkatu. Euskal poeta batek «munstro» deitu zuen. Gainera, erlijiosoaren kontrakoa zen, nahiz bizi hondarrean… erraten den bezala: «Deabrua ermitaua egin zen». Kur-kur-kur.

Nolakoa zen Napoleoni proposatu zion euskal entitate hori?

Euskaldun guziak bilduko zituen instituzioa zen, zeinak bi hizkuntza izanen baitzituen, eta itsasgintza zein kortsario aktibitatean berezituko baitzen. Azken horrekin saiatu zen Napoleon konbentzitzen, Ingalaterrari gerla egiten lagunduko ziola hitzemanez. Fenizia Berria zuen izena.

Baina Napoleoni populuak ez zitzaizkion axola, ez baitzuen gerla baizik nahi, etsaia zangopilatu! Zergatik onartuko zukeen euskal estatu berri bat? Euskal Herria ez zitzaion axola. Beretzat Frantzia eta Espainia zeuden, eta kito. Proiektuak ez zuen den mendreneko paradarik aitzinerat egiteko.

Iraultzak zer ondorio ekarri zion Lapurdiri?

Iraultzak eta Espainiaren kontrako gerrek Euskal Herria arras pobretua eta jendez hustua utzi zuten. Horregatik, Karlistadak onuragarriak izan ziren Ipar Euskal Herriarentzat, Hegoaldetik jende franko jin baitzen Lapurdiko etxe hutsak betetzera: Telleria, Pokorena, Ortiz… Hemengo usaien jakitun ziren. Ene arbasoek, tamalez, karlisten alde aritu ziren, eta boneta gorrien kontrabandoa antolatu zuten. Luis Filipen gobernamendua arrunt karlisten kontrakoa zen. Ene arbasoa ordainduko zuten karlisten tropak Madrilen sartu eta. Alta, sekulan ez zirenez sartu, ez zioten ordaindu. Uste dut horregatik pobretu zela, eta, hein batean, hiru seme Txilera abiatu zirela.

3.000 lapurtar erbesteratu zituzten…

Lapurtarrak ez ziren konskripzioari usatuak, laborariak baitziren. Bakean uzten zituzten. Alta, Iraultzak inposatu zien: denak soldadu egin behar hori. Ene arbaso bat 1812an Napoleonen armadara joan beharra zen. Aitak norbait ordaindu zuen bere ordez joan zedin. Bertze gisaz, ez nintzatekeen hemen izanen!

Euskaldun horiek Landetarat eta Gerserat erbesteratu zituzten, ez baitzuten armada zerbitzatu nahi, desertzio asko bazen. Ahal zuten guzietan muga bestalderat pasatzen ziren, eta ongi hartuak ziren. Gainera, Nafarroa Beherea eta Zuberoa baino bakezaleagoak ziren lapurtarrak, Lapurdiko foruan manatua baitzen borrokatzeko eskubidea zutela Lapurdin bakarrik, beraz sekulan ez!

Liburua Louis Dassance eta Eugene Goienetxeri dedikatu diezu.

Goienetxe barreiatua zen, eta ezin izan zuen idatzi libururik Garaten gainean; orduan deliberatu nuen nihaurrek egitea. Bitxia da nehork ez duela bi anaietatik ezagunenaz deus ikertu. Eta Dassance zen Uztaritzez gehien zekiena; ikaragarriko jakitatea zuen, baina guti idatzi zuen, ez aski. Baliteke oraino paperak gelditzea Irigoienean, bere etxondoan.

Zuhaitzen zaletasun hori…

Aitaren arreba ugazama nuen. Berak zidan zuhaitzekiko maitasuna transmititu. Ene lanaren karietarat AEBetara joan nintzen, eta han, ene harridurarako, hemen ez genituen zuhaitzak ezagutu nituen. Sekulan ikusi ez nituen haritzak ikusi nituen, orain bai, denetan ageri dira haritz amerikarrak, alta erabat ezezagunak ziren. Hemen ezjakintasun handia zegoen zuhaitzei buruz. Lur hau erosi nuelarik, landatzen hasi nintzen.

Euskaldunak ez ziren basozainak, artzainak baizik. Haiendako zuhaitza poxelu da. Horregatik ene landare hauek nehork ez zituzten nahi. Iturraraneko [Gipuzkoa]Arboretumean ebasten dituzte zuhaitzak, hemen ez.

Zuhaitzak landatzen zituen euskal gizona zarea?

Ez naiz bakarra, e! Iturraraneko baratzea Euskal Herriko ederrena da. Nik haritzak ditut sustut maite. Alta, ez dut Txilekorik, Ekuatoretik beheiti ez baita. Seiehun haritz espezie bada munduan, nik berrehun bat dauzkat, nahi duena jin daiteke bisitatzera Xoxa baratzea, lehenagotik deituz [(00 33) 559-93 02 89]. Euskal Herrian ikusten dugu Artelatza, Ametza zeina oso preziatua baitzen hemen larrua lantzeko. Landibarren [Nafarroa Beherea] badira ederrak. Itxuraz oso ezberdinak badira ere, funtsean, haritza egiten duena ezkurra da.

https://www.berria.eus/paperekoa/2021/046/001/2021-10-10/gainbehera-ekarri-zuen-iraultzak-izugarria-izan-da-euskaldunendako.htm