Ane Ablanedo Larrion
Eskolak duen funtziorik garrantzitsuenetako bat haurrak eta gazteak nazionalizatzea da, hau da, nazio baten partaide gisa populu batean integratzen laguntzea. Jakina, haurren heziketarekin lotutako gainerako kontuetan bezala, familia da eginkizun horretan ere funtsezko eragilea, baina etxean jasotzen den berezko naziotasun afektibo horri testuingurua eman behar zaio, nazio horren geografia, historia, politika, kultura, morala, literatura, hizkuntza eta abar ikastearen bitartez, eta horretara dator eskolaren zeregina.
Munduko hezkuntza-sistemak oso ezberdinak izan daitezke –eta dira– pedagogiaren edo barne-egituraren aldetik, baina, oroz gainetik, oinarrizkoa den ezaugarri batek ditu denak errotik bereizten: zein naziotarako sozializatzen duten. Izan ere, ez da naziorik gabeko sozializaziorik existitzen, komunitarioan hazi eta garatzen den espeziea garelako, eta populu formarena delako beti jendarteek hartzen duten lehen konfigurazio naturala. Nazioa gure identitatearen osagai nagusia da, kultura batekiko harremanak bilakatzen gaituelako humano oso, eta kultura hori beti delako partikularra, nazio zehatz eta bereziaren adierazgarri.
Gauzak horrela, Espainiako hezkuntza sistemak espainoldu egiten du, eta frantsesak frantsestu, bai haien berezko lurraldeetan, baita –zer esanik ez– konkistatu dituzten eta kolonizatu nahi dituzten lurralde okupatuetan ere, are arrazoi gehiagorekin, eta komeni da, beraz, gogora ekartzea: Espainiak Euskal Herrian ezarria duen eskola-egitura espainola da.
Irakaskuntza euskaraz izan dadin baimentzen zaigu, baina ez dute hor batere arriskurik hartzen. Ongi bermatua dute Espainiako erreferentzialtasuna dela transmititzen dena, euskaraz eginez are errazago irits daitekeena, gainera, erresistentzia txikiagoarekin. Eta ongi dakite, euskal nazioaren testuinguru politikoa geletatik erauziz, folklore eta tradizio huts bilakatzen dela gure kultura, eta modu horretara hizkuntzaren jabekuntza bera dagoela porrotera kondenatuta, euskal nazioarekiko atxikimendurik gabe ez baita euskal hizkuntzarekiko atxikimendurik ere sortzen.
<Ongi bermatua dute Espainiako erreferentzialtasuna dela transmititzen dena, euskaraz eginez are errazago irits daitekeena, gainera, erresistentzia txikiagoarekin>
Euskaldunok, dena den, ikastola dugu, hezkuntza sistema propioa edukitzeko borondate irmoan garai zahar eta zailetan sortu eta egituratutakoa, haurrak hizkuntzaz ez ezik nazionalki ere euskalduntzeko helburu argiarekin. Ikastola Euskal Herriak bere buruarendako sortu zuen erakundea da, nazionalak diren bakarrenetakoa, gure babesa, aitortza eta harrotasuna merezi izateko aski arrazoiak direnak.
Egia izan daiteke ikastolek ez dituztela jada, egun, sortuak izan ziren garaietan manatuak izan zitzaizkien nazio-eginkizunak osoki betetzen, eta eskoletan dagoenaren antzekoa izan daiteke, beharbada, ikastola batzuetan nazio-auziari buruz duten diskurtsoa, zoritxarrez. Baina horrek ez du esan nahi erakundeari uko egin behar diogunik, baizik eta botere politiko goren batez jabetu behar dugula, euskal erakundeei babesa eta zentzua emango diena, horren faltan beti dituelako botere arrotzak bestela bereganatuko.
Autokonplazentzian erortzeko batere asmorik gabe, bidegabea litzateke ikastolari (bakarrik) printzipio falta leporatzea, euskal politika ofiziala delako benetan printzipio-utzikeria egin duena, eta ondorioz, pairatzen dugun hondamendi ideologikoaren arduraduna, nazioa babesgabe utzita, asimilazio gordinaren bazka.
Egoera horretan, garaipen handia da ikastolek bizirik irautea, eta beraz, erabat salatzekoak dira betikoek eta betikoagatik ikastolaren kontra beste behin piztua duten desprestigio kanpaina, baita ikastola barnetik ere erakundea desagerrarazteko edo desitxuratzeko egiten diren maniobra arriskutsuak ere. Mesedez, jokoan dugunagatik.
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2956/ikastola-geurea
