Ane Ablanedo Larrion
Hezitzailea
‘Zapalduon pedagogia, edo nola libre hazi, hezi, bizi’ aurkeztu zuen atzo Ane Ablanedok, azken urteotan idatzitako iritzi artikuluak biltzen dituen liburua.
Miren Mindegia
Askatasuna bada hezi daitekeen zerbait?
–Ez, noski. Kontraesanean dagoen kontzeptu bat da. Gogoan dut txikia nintzeneko anekdota bat, gurasoak heziketa librean aritua zen lagun batekin topatu zirenekoa. Kontua da beste lagun bat hurbildu zitzaigula gero, iruzkina eginez: “Baina heziketa eta librea kontzeptuak ez dira bateragarriak”. Hau da, heziketa dagoen tokian ezin da askatasuna egon. Horrek ñabardura asko ditu, baina egia da heziketa ulertzen badugu norbait bideratzea edo modelatzearen ariketa bezala, ezin dela askatasunez hezi. Egia da ondoren norberak bere askatasuna nolabait hezi egin dezakeela, sentitu non dituen hormak, zer behar duen gainditu, zer egiten zaion zama. Kontziente izatea eta gauzak zalantzan jartzea da lehenengo urratsa.
Haurren joera naturala ere bada, nolabait, gogoeta filosofikoak egitea, askatasunaz, eta abae, euren soiltasunean, ezta? Akaso adinarekin galtzen den gaitasun bat da?
–Haurrak oro har, logikoa eta naturala den bezala, oso lotuta daude bizitzarekin. Baina heziketaren ondorioz–eta beharbada halabeharrez ere–hori galduz joaten gara, baina haurrekin heriotzaz, edo minaz hitz egiteko dugun beldurra, adibidez, zentzugabea da, bizitzaren materia direlako. Nire artikuluetako batzuetan haurrengatik gehiago ikasteko aldarria egiten dut, beraiengana hurbiltzekoa eta ez beraiek gurera erakartzekoa. Heldu bilakatuko dira, seguru, ez ditzagun goizegi helduarazi. Nerabeekin, berdin. Nerabeak bizitza eztanda bat dira, askotan gogorra egiten zaiguna bizitzea. Plazerraren printzipiopean mugitzen dira eta gu, heldu bezala, egin beharrekoaren arabera, oso modu patologikoan gainera. Aprobetxatu dezagun harreman hori gure orekaren bila.
Askatasuna modu praktiko batean jorratzen duzula aipatzen duzu liburuaren sarreran. Nola azaldu askatasunaren alde praktikoa?
–Irakasle izateaz gain, formazio asko jasota nago neurosiaren prebentzioaren inguruan, eta gai horri buruz geroztik eman ditudan formakuntzetan, askatasunaz hitz egiten genuenean, hasteko, gehiengoa libre sentitzen ez dela sumatzen nuen. Hor disfuntzio bat badago. Noski bizi garela gizarte batean non zapalkuntzak dauden, eta hor zaila den libre izatea, zer esanik ez gurea bezalako herri menderatuan. Baina horrez gain, askatasunaren kontzeptzio oso anbiziotsu bat daukagula uste dut, eta horrek ere eragina duela gure pertzepzioan. Askatasunak ez dakit zer gauza espektakular izan behar balu bezala, oso eskurazina. Eta askatasuna, ongi bizitzeko behar dugun tresna bat baino ez da, zentzu utopiko edo existentzialetik haratago.
Ane Ablanedo, atzo, Karrikirik egindako liburu aurkezpenean. Unai Beroiz

–Paulo Freireren liburuari erreferentzia bat dago, Pedagogía del oprimido. Gizarte libre batean biziko bagina, neurosirik gabe, hasteko, non jendartea osasungarria den eta non ez dagoen agintari autoritariorik, beharbada ez genuke pedagogia berezien beharrik, haurrei lagun egingo genieke beren hazieran eta kitto. Freirek esaten duena da gizarte bat alfabetatzea ez dela bakarrik irakurtzen eta idazten erakustea, baizik eta gure errealitatea irakurtzen eta idazten erakustea, zapalduaren ikuspegitik. Artikulu hauetan pedagogiaz hitz egiten dut, baina baita euskaldunontzako pedagogia bat egin nahi izatearen zentzuan. Zein den gure gatazka nazio bezala, herri moduan bizi dugun zapalkuntza eta errealitatea zein den, ondoren hori heziketara eramateko.
Horretarako herri bezala bizi dugun errealitatea zein den adostu beharko litzateke?
–Bai. Garai batean erraz identifikatzen ginen herri zapaldu bezala, herri menderatu bezala. Baina orain ez da ia aipatzen, “demokrazian” bizi garelako. Eta nonbait, bizi dugun zapalkuntza hori desagertuarazi egin da, baina itxuran, noski. Orain ez diegu gure ikasleei inondik ere nazio zapalkuntzaren auzia aipatzen. Ausartu ere ez zara egiten, noski, benetan gaudelako inperialismopean eta horrek ondorioak ekar ditzakeelako. Heziketa ez da inoiz neutroa, eta beraz, gauza batzuk aipatu daitezke klasean, baina beste batzuk ez. Gure kasuan, gainera, hezkuntza ez da benetan gurea, indarrean dagoen sistemarena baizik. Baina iruditzen zait nire inguruan jendeak ez duela sentitzen zapalkuntza aipatzeko beharra ere, eta hori oso larria dela uste dut. Inboluzio ideologiko ikaragarria egin dugu. Gure gatazkaz egiten dugun irakurketa zalantzan jartzen dut artikuluetan, iruditzen zaidalako euskal ideologia politikoa izan beharko lukeenaren printzipioak ez ditugula jada jarraitzen. Herri menderatua eta kolonizatua gara, eta horrek dituen ondorio agerikoez gain, baditu hain agerikoak ez direnak ere. Adibidez, gure ideologiatzat hartu izana etsaiari komeni zaiona.
Bell hooksek ‘Transgresioa irakasgai’ liburua ikasgela emantzipaziorako eta kontzientziaziorako gune bezala marrazten du. Hala izan beharko luke?
–Hala irudikatzen zuten heziketa ikastolak sortu zituzten lehenengo andereñoek ere, urrutira joan behar ez izateko, Elbira Zipitriak eta hauek. Zapalduta zaudenean, beti dakizu seme-alabei edo zure ondorengoei zapalkuntza hori ulertzeko gakoen berri eman beharra duzula. Azken aldian zalaparta handia dago, euskal eskola publikoa dela eta, gurea ote den edo ez den. Gurea balitz, gure beharretara egokitutako edukiak ematen ahalko genituzke, eta horrek esan nahiko luke, adibidez, herri menderatua eta okupatua garela esan ahalko genukeela. Baina ez da hala, ezta? Eskolaren interesgarria baldin bada, egiturazko zapalkuntzak gainditzeko gakoak transmititu ahal izateko tokia delako da.
Gurea ez den espazio horren barrenean, zeintzuk dira irakasleak bere eskura dituen baliabideak edo arrakalak?
–Mugatuak, baina badira. Klasera eraman ditzakezun gaiak eta testuak, adibidez, hautatzen ahal dituzun edukietan. Ideologia beti dago heziketan, zer lantzea (eta zer ez) hautatzen duzun unetik beretik. Zapalkuntza baten aurrean ezin duzu ezikusiarena egin, aipatzea bezain politikoa delako ez aipatzea. Kontua da zer zapalkuntza dakarzun gelara, zein eraman dezakezun, eta zer egin dezakegun horrekin. Nik ez dut gure gatazka nazionalari buruz aritzeko aukera askorik ikusten, beharbada ikastoletan tarte gehiago egongo da, seguru, baina hala ere, instituzio berdinen finantziazioa eta homologazio izanik, hor ere zail. Hor ikusten da, hain zuzen ere, gure herriarena egiturazko zapalkuntza dela.
Psikologiaren gaia ere jorratzen duzu maiz zure artikuluetan. Zein ikuspegitatik?
–Umeak bere integritate guztian garatu ahal izateko, gure gizartean dagoen neurosiaren zentzutik askatuz. Izan ere, neurotikoa den gizarte batean, heziketa eta eskola ere horren zerbitzura dago, gizarte horretan integratzeko prestatzen baititu haurrak. Zergatik kostatzen zaigu denoi ezetz esatea? Zergatik gara gehienak hain konplazienteak? Zergatik ditugu horrenbeste arazo lan gutxiago egin eta plazerrari denbora gehiago eskaintzeko? Badaude denok zeharkatzen gaituzten ezaugarriak, eta hori ez da kasualitatea. Gizarte honean funtzionala izateko behar dugun perfil psikologikoa da, pixkat patologikoa.
Horrekin lotuta dago harremantzeko daukagun modua?
–Bai, noski. Nola egituratzen ditugun harremanak, nola harremantzen garen. Guzti hori ere bai, erabakigarria da. Gizartean badira gauza batzuk oso neutroak balira bezala hartzen ditugunak. Gizartearen ezaugarrietako batzuk auzitan jartzen ditugu, batzuk kuestionatzera iritsi egiten gara, baina beste batzuk naturaltzat hartzen ditugu. Horien artean dago, adibidez, bikote harremanak daukan zentralitatea, erakunde pribilegiatu bezala. Oporraldia ematen dizute ezkontzeagatik, baina hiru egun ama hiltzen bazaigu. Harremanetan, zer esanik ez. Laguntasunaz ari garenean, adibidez, bikote-harremanaren azpitik balego bezala jartzen dugu, “lagunak bakarrik gara” espresioan ikusten den bezala, baina bikote asko ez dira lagunak elkarren artean. Hierarkia hori interesatu zait beti, baita nire harremanengatik ere. Beti sentitu izan dut bikote harreman oso konbentzionaletan ez nuela enkajatzen, eta nire buruan zerbait gaizki zegoela pentsatu ere egin izan dut, tarteka, nire burua epaituz, inguruko konbentzioak zalantzan jarri beharrean. Irakurketa batzuk medizinalak izan zitzaizkidan, eskerrak!
Ingurua zalantzan jartzeko gaitasuna, beraz, garrantzia nabarmena dauka? Gehiago egin beharko genuke?
–Gauzak zalantzan jartzen ditugu, baina ez gara ohartzen zenbateraino bideratuak gauden. Sistemari kontra egiteko modua edo disidentzia egiteko modua ere diseinatzen du hegemoniak, oso makinaria zehatzarekin. Zer esanik ez gurea bezalako herri menderatuan. Aldi berean, gutxieneko segurtasun bat ere beharrezkoa dugu, ezin dugu dena kuestionatu. Heldulekuak behar ditugu, oreka bat bilatu. Bizi gara bizi garen tokian, bizi garen garaian. Eta aizu, gauza batzuen kontra borrokatuko dugu, beste batzuk onartuko ditugu, bizi behar baitugu, pozik bizi ere!