Ekimen bateratuak bai, independentziarako bidean.

Posted: 13th agosto 2015 by Euskaria in Sin categoría
euskal errepublikaTxema Landa

Esparru anitzetatik zerrenda bateratuak osatzeko deia egiten ari da, Nafarroako Foru Komunitatearen (NFK) kasuan, aldaketa politiko eta soziala babesten duten alderdi eta koalizioetan oinarritutakoa.

Hego Euskal Herriko (HEH) eremuan gisa bertsuko eskakizunak egin dira ezberdintasunak ezberdintasun.

NFK-ko kasua hartuko dut ardatz horixe baita gehien eta hobekien ezagutzen dudana:

Alde batetik, hauteskundeen aritmetika hutsari dagokionez, hau da, eserleku banaketari dagokionez, deitutakoen baturak ez luke aldaketarik ekarriko lortuko liratekeen eserleku kopuruan.

Bestetik, argi eta garbi ekimenaren kontrako agertu da dagoeneko aipatutakoren bat, eta besteek baztertzaileagoa den proposamena luzatu dute, ustez, helburu bera duena.

Azkenik, ekimen honen xedea da Espainiako Estatuan Aldaketa Politiko eta Soziala ahalbidetzeko lankidetza. Hasiera batean, eragozpenik sortzen ez duen helburua da, baina urtetako eskarmentuaren ondorioz, zenbait zehaztapen kontuan hartu beharrekoak dira:

Molde honetako ekimenek abertzaleei eskatzen die, batasunaren izenean, beren izaera nazionaleko proiektuak alde batera utz ditzaten, aldiz, ez zaie unionistei gauza bera eskatzen, beren proiektuak ere izaera nazionalekoak izan arren.

Estatuan nahi den aldaketa politiko eta soziala benetakoa izan dadin, indar bultzatzaileek arlo sozial, politiko eta ekonomikoan aldaketa sakonerako nahia erakutsi behar dute. Aldaketa baliozkoa izango da, demokrazian sakontzeak eskubide guztien errespetua bermatzen badu – banakakoak zein kolektiboak – zeinen artean dauden pertsonen eskubide guztiak eta baita herrienak ere, eta hauen artean, beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, inolako zaindaritzarik gabea.

Espainiako Estatuak ez badu naziotasunek beren etorkizuna libreki hautatzeko duten eskubidea aitortzen, baita euren estatu propioa sortzekoa ere, hau da, independentzia lortzekoa, estatu demokratikoa ez ezik beste edozein gauza izango da eta egun den herrien kartzela izaten jarraituko du.

Independentzia behar dugu, ez gero eta ospe gutxiago duen Europar Batasuneko banderan izar bat gehiago izateko, baizik eta, askoz hurbilagokoak zaizkigun gauzetarako:

Jabetza pribaturako eskubidea eta enpresen sorrera eta garapenerako eskubidea ez daitezen etxebizitza eskubidearen eta lan duinaren eskubidearen gainetik egon. Ospitale gehiago eta hobeak izan ditzagun, kalitatezko osasungintza izan dezagun. Eskola, institutu eta unibertsitate gehiago eta hobeak izan ditzagun, publikoak eta kalitatezkoak. Kultura guztion eskura egon dadin. Politikak herritarroi zuzenduak izan daitezen eta ez botere-taldeei zuzenduak. Gure lurraldearen eta gure baliabideen erabilera errespetuzkoa izan dadin eta ez dadin datozen belaunaldietarako hipotekatu. Gainerako herrirekin ere, elkartasuna ager dezagun, hurbileko zein urrunago dauden herriekin berdin. Babes edo lan bila gugana hurbiltzen diren pertsonen harrera maiz migratu behar izan duen herri bati dagokion bezalako izan dadin eta ez Europar Batasuneko herrialde handinahi batena.

Abertzaleek Madrilera joan behar dute gure eskubideak aldarrikatzera, sozialak, zibilak, politikoak, nazionalak, kulturalak eta ekonomikoak, Kongresuan eta Senatuan. Era berean, estatuan benetako aldaketa sakona ekarriko duen edozein ekimen babestera, ez edonolako alternantzia bilatzera. Eta baita, Espainiako Estatua nahita edo halabeharrez osatzen duten herri eta nazio ezberdinen bidezko aldarrikapenak sostengatzera ere.

Bere aldarrikapenen artean erabakitzeko eskubidea biltzen ez duen edonolako plataforma bateratuan parte hartzearen aurkako agertu nahi dut, bai NFK-rako eta bai HEH-rako, ezin dugu onartu zilegi zaizkigun aldarrikapenak gutxietsiak izan daitezen auskalo zein helbururen izenean.