JOSE INAZIO LOPEZ DE LUZURIAGA, MIKEL URKOLA ETA JOSU ALBERO
NAZIOGINTZA TALDEA
Abertzaleok ezagutu beharko genuke Gipuzkoako eta Bizkaiko beste udalerri batzuetan data berean edo data horren inguruan Euskal Errepublikaren aldeko aldarriak ere egin zirela.
Euskaldunon artean ohikoa da inertziaz jarraitzea Espainiako egutegi nazionala. Bai alor erlijiosoan bai alor zibil eta politikoan usadioz jarraitzen ditugu espainiarren festa-egunak, geure buruari ezer galdetu gabe. Horren ondorioz, espainiar gertaerak eta historia ezagutzen ditugu, baina ez dugu geure historia hurbila ezagutzen. Horixe bera gertatzen da Euskal Errepublikaren aldarrikapenarekin.
1931ko apirilaren 14ko data Espainiako Errepublikaren ezarpenari lotuta dago euskaldun askoren oroimenean. Inor gutxik daki, ordea, garai hartan Euskal Herriko hainbat udaletxetan Euskal Errepublikaren aldarrikapena ere burutu zela. Alkate eta zinegotzi abertzale batzuek ausardia izan zutela Espainiako eredu monarkikotik harago joateko, eta berezko errepublika bat eskatzeko gure herriarentzat. Zumaian, Azpeitian, Getxon, Araman, Zaldibian eta Itsasondon, besteak beste, autodeterminazio eskubidearen eta Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena tinko defendatu zuten udalbatzek, errepublika horren aginte-gunea Euskal Herrian bertan kokatuz.
Ohituta gaude apirilaren 14ko data Euskal Herrira ekartzean Eibarko Udalaren aldarrikapena irudikatzen eta gogoratzen… Bertan ere biltzen dira urtero ezkertiar espainiarrak urteurren hori ospatzeko. Espainiako Errepublikaren aldeko aldarria izan zen hura, denok dakigunez. Baina abertzaleok ezagutu beharko genuke Gipuzkoako eta Bizkaiko beste udalerri batzuetan data berean edo data horren inguruan Euskal Errepublikaren aldeko aldarriak ere egin zirela. Tartean, Jose Antonio Agirrek berak egin zuen aldarrikapena Getxon, nahiz eta espainiar Errepublika barruan federatuta segitzeko asmoa agertu.
Bada, aldarrikapen hori berpiztu nahian edo, Itsasondon 2011ko apirilaren 18an ospatu zuten 1931ko apirilaren 18an bertan egindako Euskal Errepublikaren aldarrikapenaren 80. urteurrena. Goierriko Nazioen Mundua herri mugimenduaren bultzadaz burutu zen ekitaldia eta bertan bildu ziren Goierri barreneko udal guztietako ordezkariak. Mikel Aramendi itsasondoarrak gidatu zuen ekintza eta bertan bildu ziren 19 herrietako hautetsiek (alkate eta zinegotziak) manifestu bat sinatu zuten Itsasondoko elizaren barreneko plazatxoan, 80 urte lehenago Itsasondon onartu zen autodeterminazio-eskubidearen mozioaren ildoa berretsiz.
Naziogintza taldearen iritziz, bada garaia 1931ko aldarrikapen hori gogoratzeko eta laudatzeko ere. Agerian jarri nahi dugu haren garrantzia eta gogorarazi nahi diegu euskal abertzale eta independentista guztiei nondik gatozen eta nora goazen… Hala ere, ez dugu memoria horretan gelditu nahi eta proposamen bat dakargu: 2019ko apirilaren 14an edo adosten den beste data batean Euskal Herriko udalbatzar guztietan Euskal Errepublika Independentea aldarrikatzea.
Gora Euskal Errepublika!