Paradigma independentistari eusteko premia

Posted: 6th mayo 2021 by Euskaria in Sin categoría
Paradigma independentistari eusteko premia
 Patxi Azparren
 

Azkeneko hilabeteetan arrotzak zaizkit aspalditik ezagutzen ditudan euskal politikari franko. Bat-batean Hego Euskal Herriko politikari guztiak Madrilera begira jarri direla ematen du, han gertatzen dena gure ardura nagusia izango bailitzan.

Hegoaldeko bi talde politiko nagusiak joko zelai berean ari dira norgehiagoka Espainiako Gobernuarekiko balizko elkarlanetik lor lezaketenaren sariarengatik lehian. Biak ala biak joko mediatikoan sartu dira, hiperliderazgo telematikoak bultzatuz; geldirik, sakabanatua, aspertua, etsitua, harritua dagoen oinarri soziologikotik zeharo urrunduta, hain justu gure herri izaera errotik aldatzen ari den garaiotan. Enbata soziokultural, demografiko, sanitario, politiko, ekonomiko honetan, Hegoaldeko euskal politikariek menpeko egoera onartu dute.

Maite ez dugun egoera aldatzeko errealitatea objektiboki aztertzea ezinbestekoa bada ere, errealitate hori eraldatzeko grina galtzen badugu, akabo. Errealitatea onartzea dugu esaldi gakoa. Ditxosozko esaldia ahoskatzen den unetik, lerro bat zeharkatzen da, atzera-bueltarik ez duen mugarri bat, alegia. Gogo aldaketa handi bat gorpuzten baitu, xede aldaketa, paradigma iraulketa.

 

Paradigmak ez dira doktrinak, tresnak baizik. Gertaera konplexuak hobeto ulertzeko lanabesak eskaintzen dizkigun metodoa eta gure helburuak lortzeko jarraibide koherentea eman ahal digun mapa. Egun pairatzen ari garen egoera zail honetan, paradigma subiranista eta independentista baztertu da, zenbait premia asetzeko traba izan daitekeelakoan. Ni, berriz, kontrako iritzikoa naiz, paradigma burujabe eta independentistari eutsi izan bagenio, bestelako erantzun eraginkorragoak bideratzeko gai izango ginatekeela uste dut eta.

Gure tradizio juridikoari eta kulturalari uko egin diogu. Tradizio horrek gizaki askeak herri askean bizitzeko jaio garela dio. Horri heldu beharrean, osasun-krisiaren aurretik, eta krisi honekin askoz nabarmenago, gure politikariek politika postdemokratikoaren zenbait jokabide barneratu dituzte.

Dagoeneko, talde politikoek ez dute oinarri aktibo baten beharrik, kongresu telematikoak egin daitezke, bilera birtualak, militantzia birtuala. Zaparrada informatiboak, gaininformazioak, funtsezkoa den informazioa ezkutatzen du. Gehiago esango nuke, politikari profesionalek funtsezko informazioa ezkuta dezaketela uste dute, politikari profesionalak denetik dakitela sinetsita daude, politikari profesionalek gure izenean dena erabaki dezaketela deliberatu dute. Euskal politikariak ere herriarengandik urrundu dira.

Arestian nioen moduan, egun nagusitu den joera lehendik zetorren. 2008ko krisiaren ondoren, Estatu espainiarra kinka larrian zebilen. Utopia neoliberalak sortutako krisiari bestelako krisi batzuk batu zitzaizkion. 78ko erregimenak arazoak zituen. Erregimen hori aldatzeko sortu omen ziren talde espainiarrak berehala erregimenaren igeltsero bihurtu ziren. Soilik Katalunian eutsi zioten erronka horri, Europan egin den desobedientzia zibilaren ekintza jendetsuena eginez, hain zuzen ere.

Egun hartan, hain justu irudikatu zen Hego Euskal Herriko talde politiko abertzaleen jokabide berria. EAJk, unionismoari lagunduz; EHBilduk, atzeraka urrats bat eginez. Zintzoki elkartasun kanpaina, ekimen eta ekintza ugari egin bagenituen ere, egiari zor, Katalunia bakarrik utzi genuen gehien behar gintuen unean. Estatu espainiarra krisi larrian zegoelarik, aldebakartasunari uko egin genion, ordea.

Paradigma independentistari eutsi behar diogu. Aldebakartasuna zein aldebikotasuna, bata zein bestea, ezinezkoak diren hauetan, paradigma burujabeak baino ezin gaitu atera inkoherentzia itogarritik. 78ko erregimenaren igeltsero lanetan ez badugu ibili nahi, frantziar eta espainiar estatuen zilegitasuna ukatu behar dugu une orotan. Ukazio horrek ez du esan nahi elkartasunari muzin egiten diogunik; aitzitik, burujabetasunetik laguntza behar duten pertsona eta herriei laguntzeko prestutasuna eta ahalmena eduki nahi dugula baino. Ukazioak aske egiten gaitu, libre, bestelako eredu bat sortzen hasteko, etapismo kudeaezina eta birrintzailea ekiditeko.

Euskal demokrazia herritar askeok osatu behar dugu, euskal errepublika egungo Euskal Herria osatzen dugun herritarrok eraiki behar dugu; eraikitzeari ekin diezaiokegu, alternatiba gauzagarria, egingarria eta erakargarria baita. Ibilbide originala izango da, gure egoera berezia bezain berria delako.

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2021-05-06/paradigma-independentistari-eusteko-premia.htm