Erakundeetan elkarlanean

Posted: 20th julio 2011 by Euskaria in Sin categoría

Azkenengo udal eta foru hauteskundeak utzitako eszenatokia abertzalea da zalantzarik gabe, edo, behintzat,  gehiengo abertzale baten nagusitasuna erakusten dute emaitzek. Eta, indar metaketa bultzatzen dugunontzat, abertzaleon arteko akordioak lortzea posiblea dela ere.

Ia ia ez dugu gogoratzen noiz izan zen azkenengo apostu erraldoia (aipaturiko ildo horretan, indar metaketaren ildoan, alegia). Suposatzen dut Lizarra-Garazik eskeini zigun indar metaketaren azken saiakera sakona. Argi dago Bildu EHk ezin izan duela abertzaleak diren indar guztiak batu, baina, gutxienez, Lizarra-Garazi akordioan zegoen ilusioa berpizteko baliogarria izan da?

Zer gerta daiteke hemendik bi urtetara Eusko Autonomi Erkidegoan hauteskundeak ospatzen direnean? Inork ez daki, baina, egin beharreko bidean, EA, Ezker Abertzalea eta Alternatiba badaukate aukera ezin hobe bat haien apostua Aralarri helarazteko.

Patxi Zabaletaren alderdiaren indarra ez da sekulakoa (jaso izaten dituen bozkak kontuan hartzen baldin badugu), bai, baina benetan interesgarria litzateke ondorengo hauteskundeei begira ezkertiar eta abertzaleak diren alderdiak elkarlanean ikustea eta, zergatik ez, Eusko Jaurlaritzan elkarlanean aritzea.

Denborak esango du, beti bezala. Bildu EHren gaurregungo lana hainbat udal eta Gipuzkoako foru aldundan lan egitea besterik ez da. Bihar, auskalo. Baliteke hurrengo urteetan indar metaketa Gasteizeko Gobernuan izatea.

Raúl Arkaia

(Euskaria Fundazioaren kidea)